Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiak, irakasleak eta osasun arloko profesionalak elkartu ziren jardunaldian. Bertan, DOITU programa pilotua eta ikasle bakoitzeko Chromebook bat eredua aztertuko duen ikerketa independente aitzindari bat aurkeztu ziren.
EHUk Eibarren duen campusak hartu zuen atzo, urriaren 3an, Altxa Buruaren II. Topaketa. 250 pertsonatik gora bildu ziren: familiak, hezkuntza komunitateko kideak, osasun arloko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak. Lehen edizioa ere Eibarren egin zen, duela urtebete. Gaur egun, 20.000 familiak baino gehiagok eta ehun ikastetxetik gorak osatzen dute mugimendua.
Francisco Villar: «Orain gure txanda da»
Hitzaldi nagusia Francisco Villar doktoreak eman zuen. Psikologo klinikoa da, eta haur eta nerabeen jokabide suizidaren prebentzioan aditua Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean. Villarrek aro digitalean pentsamendu kritikoa izatearen alde egin zuen, baita haurren garapen ona babesten duten faktoreak zaintzearen alde ere. Gogorarazi zuen pantailek gizarte gisa onartu dugun aldaketa kultural bat eragin dutela, eta ohartarazi zuen bizitzako ohiko harreman prozesuak eteten badituzte, ez dela dena ondo aterako. Ekintzarako dei batekin amaitu zuen: «orain gure txanda da, kultura hori aldatzeko gai izan behar dugu».
DOITU: hamabi ikastetxe eredua aldatzen hasi dira
Jardunaldian zehar, Telmo Lazkanok (Altxa Burua), Joana Jauregizar eta Sonia Ruiz de Azua EHUko ikertzaileek eta Ainhoa Izeta Euskal Herriko Pediatria Elkarteko presidenteak bi ekimen aurkeztu zituzten. Lehenengoa DOITU programa pilotua da. Urriaren 5ean, astelehenean, abiatuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi ikastetxetan (publikoak, itunpekoak eta ikastolak), eta datorren ikasturtean beste hamabitara zabalduko da. Programak RESET txostena du oinarri; aditu talde batek egin zuen duela hiru urte.
DOITUk bost ardatz ditu:
- Ikastetxean ez da mugikorrik onartzen, eta Chromebookak ez dira etxera eramaten.
- Pantaila kontsumoak planifikatuta egon behar du.
- Pedagogian analogikoa lehenesten da (paperean irakurri eta idatzi), eta teknologia balio erantsia ematen duenean baino ez da erabiltzen.
- Ordenagailuaren erabilera indibiduala konpetentzia digitalerako eta aniztasunari erantzuteko gordetzen da.
- Ikastetxeak software librea erabiltzen du.
Urrats horiek emateko, RESET txostenean parte hartu zuten adituetako batzuek lagunduko diete ikastetxeei: hiru prestakuntza saio eta aholkularitza ikasturte osoan zehar.
Beharra argia da. Ikasleen % 46k egunean lau ordu baino gehiago ematen ditu ikasgelan pantaila baten aurrean, Estatuko kopururik handiena. Gainera, hamarkada batean 79 puntu galdu dituzte ikasleek irakurmenean. Lazkanok azaldu zuenez, horrek esan nahi du gaur egun DBH4ko ikasle batek 2012an DBH1eko ikasle batek zuen irakurmen maila duela.
Ikerketa aitzindaria «1×1» ereduaz
Bigarren berritasuna ikerketa kuasiesperimental eta longitudinal independente bat da. «1×1» ereduak (ikasle bakoitzeko gailu edo Chromebook bat) errendimendu akademikoan, gaitasun kognitiboetan eta ikasleen ongizatean dituen ondorioak aztertuko ditu.
Ikerketan parte hartuko dute:
- EHUko hiru fakultatetako irakasle eta ikertzaileek, hezkuntza eta osasun arloetakoak;
- Osakidetzako profesionalek, Biogipuzkoa, Biobizkaia, Bioaraba eta Biosistemak institutuei lotuak;
- Euskal Herriko Pediatria Elkarteak.
Telmo Lazkanok, Sonia Ruiz de Azuak eta Joana Jauregizarrek koordinatuko dute.
Ikerketak 15-20 ikastetxe inguru eta 80 bat ikasgela hartuko ditu, printzipioz LH5eko eta DBH1eko geletan. Ikastetxe bakoitzean, gela batzuek orain arteko ereduarekin jarraituko dute, eta beste batzuek Chromebookaren erabilera egituratua egingo dute; eragina bi ikasturte jarraituren hasieran eta amaieran neurtuko da. 2027-28 ikasturtean abiatzea aurreikusten da. Parte hartzen duten ikastetxeek beren egoeraren analisi sakona jasoko dute, doan. Interesa duten ikastetxeek helbide hauetara idatz dezakete: joana.jauregizar@ehu.eus, telmoinfo@ni.eus edo soniaruizdeazua@ehu.eus.
Esperientziak, antzerkia eta bertsoak
Atsedenaren ondoren, Altxa Buruako hainbat taldek beren herri eta ikastetxeetan abian jarritako esperientziak eta kanpainak partekatu zituzten, beste ikastetxe eta udal batzuek horietan inspirazioa har dezaten. Ondoren iritsi zen goizeko une itxarondenetako bat: Utopian konpainia gaztearen «Nomofobia» antzezlana. Aktore nerabeek mugikorrarekiko mendekotasuna eraman zuten oholtzara, beren begiradatik. Bertso saioak eman zion amaiera goizari Ainhoa Agirreazaldegiren eskutik, eta bideoklip baten emanaldiarekin eta agurrarekin itxi zen jardunaldia.
Topaketa euskaraz eta gaztelaniaz egin zen, aldi bereko itzulpenarekin. Bitartean, txikienek ludotekaz gozatu zuten, goiz osoan Altxa Buruako kideek lagunduta.
Eskerrik asko atzo campusa bete zenuten guztioi, EHUri gu hartzeagatik, Francisco Villarri, Utopian konpainiari, ikerketa taldeari eta jardunaldia posible egin zuten boluntario guztiei. Aurrera!
Topaketa hedabideetan
- Berria: Hamabi eskolak proba pilotu bat hasi dute, «digitalizio osasuntsua» lortzeko
- Diario Vasco: El colectivo Altxa Burua estudiará qué impacto tiene el modelo de un ‘chromebook’ por alumno en centros escolares vascos
- Noticias de Gipuzkoa: Altxa Burua impulsa un programa para revisar el uso de dispositivos digitales en las aulas
- Naiz: Altxa Burua sareak ‘DOITU’ programa abiaraziko du, ikastetxeen digitalizazioa aztertzeko xedez
- Argia: Chromebookarekin ikasteak duen eragin kognitibo eta akademikoa aztertzeko ikerketa aitzindaria abiatuko dute EAEn
- Hoy Diario: Eibar reúne a 250 personas contra el abuso de pantallas

