
Bizitzen ari garen digitalizazio biziak eragin handia du gure gizartean, bereziki gure haur eta nerabeengan, eta ez beti modu positiboan. Ebidentzia zientifiko zorrotzenek eta erreferentziazko instituzio nagusiek argi adierazten dute pantailen aurrean denbora luzez egoteak garapen fisiko, kognitibo, emozional eta sozialari eragin diezaiokeela, eta errendimendu akademiko okerragoa ekar dezakeela. Horregatik, ezinbestekoa da digitalizazioari muga argi eta sendoak jartzea, bai etxean bai eskolan, osasun irizpideetan eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Familiek, irakasleek eta administrazioek elkarrekin lan egin behar dute haurr
en eta nerabeen osasuna eta garapena babesteko, teknologiaren erabilera orekatu eta esanguratsua bermatuz.
Behar bezala frogatuta dago haurren eta nerabeen ongizatea hobetu egiten dela deskonexio digitala handitu ahala. Gure inguruan, adingabeen herenak baino gehiagok egunero bost ordu baino gehiago ematen ditu telefono mugikorrarekin; gainera, %46k eskolan gutxienez lau ordu ematen ditu pantaila baten aurrean. Smartphoneak ikastetxeetara eramateak eta ordenagailu eramangarrien erabilera etxeetan zabaltzeak zaildu egiten dute bai deskonexio digitala bai familia-bizikidetza. Egoera are korapilatsuagoa da familia ahuletan, teknologiaren erabilera hezitzailea gainbegiratzeko baliabide gutxiago baitute, eta horrek desberdintasun sozialaren arrakala handitzen du.
Horregatik aurkezten ditugu RESET txostena, egungo ebidentzia zientifikoa biltzen duena, eta DOITU markoa, ebidentzia horretan oinarritutako bost proposamen laburbiltzen dituena, familiei, ikastetxeei eta irakasleei zuzenduak.
DOITU markoaren dokumentuak
- DOITU: proposamen-markoa.
- RESET txostena: markoa oinarritzen duen ebidentzia zientifikoa.
- Gidalerroen proposamena.
- Hezkuntza-osasuna dokumentu osagarria (elebiduna).
- Familientzako gida, eranskinarekin.
- Ikastetxeentzako gida, eranskinarekin.
- Irakasleentzako gida eta baliabideak, eranskinarekin.
- Ikastetxeko kultura zientifikoa, eta balidazio zientifikoaren protokoloa/errubrika.
DOITU markoa Altxa Bururen I. Topaketa Orokorrean aurkeztu zen, Eibarren, eta prentsan oihartzuna izan du, honelako titularrekin: «Haur bat pantaila batera konektatzen duzunean, bizitzatik deskonektatzen duzu» eta «Altxa Buruak eskuz idaztea eta paperean irakurtzea lehenestea eskatzen du erabilera digitalaren aurrean» (mugikorra etxean eta ordenagailu eramangarria ikastetxean gera daitezela proposatuz).
